
Baserriko tresneria izango da erakusgai aurtengo azokan
Morga Angel Ruiz de Azua argazkilariaren lana egun guztian zehar izango da ikusgai Andra Mariko pilotalekuan.
danel lauzirika
Bihar Morgako azokaren IX. edizioa izango da Andra Mari auzoan. Urteko jaialdi garrantzitsuenerako hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak. 10:00etan hasiko da azoka, eta horrekin batera jai giroa.
Urtero azokarako baserri munduaren inguruko erakusketa berezi bat prestatzen dute herritarrek. Aurten baserriko tresnak izango dira erakusketaren ardatza. Horrekin batera, morgarrek tresna horiek nola erabiltzen diren erakutsiko diete bertara hurbiltzen direnei. Eliza inguruan idiekin egingo dituzte erakustaldiak orduro 11:00etatik 14:00ak arte.
Azokaren baitan euskal oiloak, pottokak eta herriko baserritarren abereak izango dira ikusgai. Elizaren aurrean egongo dira artisauen postuak. Sagardoa, txakolia, gazta, euskal pastela eta beste hainbat produktu erosteko salmenta postuak egongo dira plazan. Herriko harakinen produktuak dastatzeko aukera egongo da udaletxe aurrean.
Berritasun ugari
Ohiko produktuez gain, proiektu berritzaileak aurkezteko aukera ematen du azokak. Ana Rosa Olea morgarrak kotoi-landarearekin egindako arropa ekologikoak aurkeztuko ditu azokan. Horrez gain, fruitetatik eratorritako `Manberry´ izeneko produktu berria aurkeztuko dute azokan.
Aurtengo berritasun nagusia Morgan bizi den Angel Ruiz de Azua argazkilariaren erakusketa izango da. Aluminioa ardatz duen sistema berritzaile baten bitartez inprimatutako agrazkiak frontoian izango dira ikusgai egun guztian zehar.
Atalka banatutako erakusketan Ruiz de Azuaren argazki ezagunenak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida artisten arteko besarkadarena edota Planeta saria irabazi zuen 1983ko uholdeen inguruko argazkia. Horrez gain, Morgako toki ezberdinetan ateratako argazkiak ere egongo dira ikusgai.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.