
Azoka jendetsua Morgan
Morga Udalak balorazio ona egin du, eta batutako diru gehiena Santiagoko jaiak antolatzeko erabiliko duela adierazi du.
oihana cabello
Morgako azokaren IX. edizioak jende asko batu zuen domekan. Eta Udalak aurtengo edizioaren balorazio ona egin du. «Saltzaileek esan dutenez, salmentak ondo joan ziren», azaldu du Morgako alkate Iñaki Uribek. «Jende asko batu zen azokan, eta oraindik diru konturik egin ez dugun arren, batutako diruaren zati handi bat Santiagoko jaiak antolatzera bideratuko dugu».
Bestalde, domekako azokan jarritako txosnetan herriko gazte eta emakumeek egindako lana ere eskertu gura izan du Iñaki Uribe alkateak.
Azokan, ohiko produktuez gain (euskal pastela, ogia, gazta eta eskulangintzakoak, besteak beste) produktu berritzaileak ere izan zituzten salgai postuetan. Azken horien artean, kotoi-landarearekin egindako arropa ekologikoak eta fruitetatik eratorritako `Manberry´ izeneko produktua.
Urtero, gainera, azokarako baserri munduaren inguruko erakusketa berezi bat prestatzen dute herritarrek. Aurten baserriko tresnak izan dira erakusketaren ardatza. Horrela, baserri-tresna horiek nola erabiltzen diren erakutsi zieten domekan azokara hurbildu zirenei.
Animaliak eta argazkien erakusketa
Produktuez gain, abereak eta animaliak ere izan ziren ikusgai: baserriko oiloak, behiak, kanguroak, untxiak, behiak edota ahateak, esaterako. Umeek pottoka gainean ibiltzeko aukera ere izan zuten.
Bestalde, Morgan bizi den Angel Ruiz de Azuaren erakusketa ere ipini zuten herriko frontoian, eta Uribek azaldu duenaren arabera, «arrakasta» izan zuen.
Erakusketan Ruiz de Azuaren argazki ezagunenak izan ziren ikusgai, Planeta saria irabazi zuen 1983. urteko uholdeen argazkia, Argeleko umeei ateratako argazkia, Saharako emakume baten aurpegia erakusten duena edota aurpegi ezagunak erakusten zituzten argazkiak: Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistak, Karmelo Bernaola konpositorea, Juan Luis Arsuaga paleontologoa, Joxe Miel Barandiaran arkeologoa edota Joane Somarriba txirrindularia, besteak beste.
Horiekin batera, Morga herrian bertan eta morgarrei ateratako hainbat argazkik eta ikusentzunezko batek osatu zuten erakusteka.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.